XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

(...) eta handik aurrera libre izango zuan Roberto hori La Strada-n ibiltzeko ezezik, La dolce vita-rekin goxatzeko, Otto e mezzo-ren ametsetan murgiltzeko eta are Buñuelekin pozik kezkatzeko edo Bergmanekin gustora izutzeko; zer ari natzaik ordea, Jokin, usteldu haizen etxe horretan marrazki bizietatik ez zineten pasako eta?

Zer jakin behar duk hik Fellini eta...?, dena den... - baina aholku bat joan aurretik, Roberto, eta ez negarrik egin faborez, zure gurasoak hortxe daude eta; ez Don Anjel; jaunartu lehen ostiralero; bai Don Anjel; eta familiako aita jator bat... zer, Jokin, orain gogoratzen haizela?

Noski, egun hartan berean eman bait zigun berria Don Anjelek goiko kapila txikian, enetxook, anitz dira... baina gutxi... zer nahi duzue?

Robertok munduko bidea hobetsi digu... bai, Jokin, seguru niagok ez hintzela heu izan salataria, hi heure mundu bakartian bizi bait hintzen, itxia eta sobera grinatua inoren salatari ibiltzeko.

Enteratu ere ez hintzen ezertaz enteratzen.

Ez, aitaren faboreen egarri txoraturik zebilen txori grisen bat izango zuan kaiola berdeskara kontu kontari inguratu zena, han, barrendik ondo itxita, gregorianoa entzuteko gogoz eta, beharbada, esperantzaz.

Izugarria nauk, Jokin.

Galdu nauk berriro ere oroitzapen zaharren zingira ilunean.

Bai, badiakiat, aurrera eta atzera nabilek kontu zaharrak, txarrak, gogoratuz.

Baina, zer nahi duk, gertakarien sailean hire izena ikusi orduko, nahasian eta tropelka esnatu dituk nere barruan aspaldiko txori beltzak. Itzalak.

Emaztea ere ohartu zaidak: Zer duzu horren serio, Martxel? Triste ikusten zaitut.